Maite zaituztegu espetxeetako ziegetan zutik eta tinko borrokatzen duzuenak, inposaketei aurre egiten diezuen guztiak, ilegalizazioari aurre egiteko adorea erakusten ari zareten abertzaleak, herrietan egunero lanean ari zaretenak, udaletan nazio eraikuntzan ari zareten horiek.
Maite zaituztegu independentista guztiok, bakoitza bere esparrutik, egunez egun Euskal Herria eraikitzen ari zaretenak, etorkizun hurbilean Euskal estatuaren bidean adreiluz adreilu gure aitaren etxea eraikitzen ari zareten horiek.
Une latzak bizi ditugu. Etsaia amorratuta dago, baina ahuleziak jota era berean. Atzaparkadak mingarriak dira, hori ezin da ukatu, baina beren erasoaldi errepresibo guztiek inoiz baino ageriago uzten dute beren ahuldade politikoa. Atxiloketak, torturak, ilegalizazioak, espetxeratzeak... ez dute hori besterik. Aspaldian egin zuten porrot, baina azkenetan eta mendekuz beteak ari badira ere, inpotentzia kolpeak baino ez dira, Irlandan zioten bezala time to go iristen ari zaielako; eta iristen ari zaie, izan ere, herri honek bere etorkizuna erabakitzeko eguna iristear delako, gure eguna iristen ari da. Oraindik ere lan eskerga egin beharrean gaude, ordea, baina ezker abertzaleak urte luzeetako borrokaren ondorioz agertoki politikoa aldaketaren atarian jarri du.
Aldaketa garaian gaude, definizio garaian gaude. Euskal Herria independentziara eramango duen markoaren aldaketaren beharra inoiz baino premiazkoagoa da. Ez gaude duela hiru urte geunden egoeran, asko aurreratu dugu eta dagoeneko aldaketarako gakoak, alegia, Euskal Herria subjektu gisa aitortzea, erabakitze eskubidea eta lurraldetasuna, jendartean erabat errotuta dauden printzipioak dira.
Testuinguru horretan, PSOEk eta PNVk Euskal Herria aitortzen zuen marko berriari ezetz esan zioten Loiolako elkarrizketetan. Eta orain ezker abertzalea ahuldu nahi dute erakutsi duen jarrera tinkoa ordainarazi nahian-edo. Aldaketarako aukera erreala dagoelako, aldaketa horren motorra, ezker abertzalea, ahuldu nahi dute.
PSOEk eta PNVk ezker abertzalea ahultzeko interes bera dute, bestela nekez lortuko baitute gauzatu nahiko duten iruzur berria, PSOEk espainiar Estatuaren batasuna mantentzeko eta PNVk Konstituzio espainiarraren barruan boterearen gestioa, negozioaren kudeaketan jarraitzeko.
PSOEk Euskal Herrian salbuespen egoera ezarri du; erabateko konfrontazio bortitza ireki du mugimendu independentistaren kontra helburu bakar batekin, hau da, gure lan, jarduera, eragin eta eskaintza politikoa ahultzea eta baldintzatzea, gure herriaren independentziari ate guztiak ixteko bidean. Horretara datoz errepresio kolpe andana hauek.
Baina eraso hauek guztiak ezin dira ulertu Urkulluren PNV eta Zabaletaren NaBai gabe. PSOEk abian jarri duen erasoaldi errepresibo ero hau ezingo zuen abian jarri PNVk eta NaBaik eskaintzen dioten babes eta margen politikoa eduki ezean. Guretzat tamalgarria da ikustea PNV eta NaBai PSOEren estrategiaren laguntzaile, azken finean interes bera bilatzen dutelako, ezker abertzalea ahultzea.
PSOEk, PNVk eta NaBaik ezker abertzalearen kontra eta batera gogor jotzea erabaki dute. Negoziazio prozesuaren apurketaren ondoren eskuz esku ari dira hirurak Euskal Herrian errotua den aldaketa premiari iruzur berri batekin erantzuteko tenorean, eta lehen urratsa haien posizioak indartu eta ezker abertzalearena ahultzean datza.
Eta, zer esan Sarkozyren gobernuaren gainean, frantziar Gobernuak ere espainiarraren eskutik dihardu euskal independentismoaren kontra oldartzeko garaian. Atxiloketa andana, miaketak, independentismoa kriminalizatzeko estrategia dago martxan. Autonomiaren aldeko aldarrikapena Ipar Euskal Herriko karriketan gero eta anitzagoa eta zabalagoa denean, frantziar Gobernuak bere mespretxu eta umilazio politikarekin jarraitu nahi du, Ipar Euskal Herria onartu eta errespetatu gabe eta bere biziraupenerako aldarriak aintzat hartu gabe.
Salbuespen egoera honi «aski da» esateko tenorea heldu da, honaino iritsi direla esateko, marra gorria ezartzeko; garaia da Euskal Herriaren aurkako «guztiak balio du» ideiari muga jartzeko. Gure gizarteak erantzuna emateko aukera izan behar du, tamainako erantzun politikoa eman behar du eta horretarako prestatzen joan beharra du, hartara, herri honi independentziarako ateak irekiko baitzaizkio.
Hori da gure konpromisoa, herri honentzako marko demokratikoa ahalbidetzea Euskal Herriaren eskubideak aitortuak izan daitezen, autodeterminazio eta lurraldetasunaren lorpenean, betiere independentzia eta sozialismoaren bidean.
Pernando Barrena
0 comentarios:
Publicar un comentario